XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zientzia eta teknika euskal historian

Horren aldi historiko eta gai zabalak (1936ra artekoa hartzen dugu hemen) sintesi eran azaltzeak ezinbestekoa egiten du zenbait alderdi hautatzea eta beste zenbait baztertzea.

Obra honen beste atal batzutan ere zientziaren eta teknikaren zenbait ikuspegik tratamendu egokia duela jakiteak, bestalde, lasaitasun apur bat ematen digu hautespen hau egiteko.

Iharduerarik teknologikoenak eta ustez eragin ekonomikorik handienekoak aztertuko ditugu hemen: burdingintza eta makina erreminten eraikuntza, itsasontzigintza, burdinbideen eta errepideen eraikuntza eta armagintza.

Langintza praktiko hauen ondoan, ikerkuntza teorikoak eta zientzigintzak, zoritxarrez, ez dute Euskal Herrian desiragarria izango zen garapenik izan.

Arrazoi nagusia Unibertsitatearen falta izan da noski.

Horixe saiatu gara azpimarratzen zientziari dagokionez.

Hona hemen, ihardueraz iharduera, Euskal Herriko zientzi tekniken historiaren azalpen laburra.

BURDINGINTZA Burdingintza oso zaharra da Euskal Herrian.

Zalantzarik gabe esan daiteke gure aroaren hasiera baino bospasei mende lehenago ezaguna zela langintza hau hemen.

Argi dago behintzat erromatarrek ezagutu eta ustiatu zituztela Bizkaiko mendebaldeko burdinmeatze handietako batzu eta Oiartzungo Arditurritik, zilarraz eta berunaz gainera, burdina ere ateratzen zutela.

Geroztik Euskal Herriaren historiak burdinarekin zerikusi handia izan du beti.

Hemen lortzen zen burdina, alde batetik landu gabe, totxotan, exportatzen zen eta bestetik bertan lantzen zen, armak, lanabesak, etxetresnak etab. egiteko.

Horregatik, burdina landugabearen erdiespenarekin batera forja ere ezaguna izan da euskaldunontzat antzinadanik.

Antzinatean burdina lortzeko behar ziren bi baldintza edo langai nagusiak bazituen Euskal Herriak: meatzeak eta basoak, alegia.

Gero, Aro Modernoan, lehenengo makineria higiarazteko behar zen ura ere ugari zuen hainbat eta hainbat erreka eta ibaietan.

Haizeolak Burdina lortzeko prozedurarik zaharrena mendian egurrez eta egurrikatzez sua egin eta bertan burdinmea, urtu gabe, kiskaltzea zen.

Beranduago, buztinez estalitako enbor-kofak edota metro bat diametro eta bizpairu metro altuko, karobi antzeko, labe batzu erabiltzen hasi ziren.

Egurrikatzaren eta burdinmearen geruzak txandatuz betetzen zen labea eta guztiz estaltzen zen errekuntzak behar zuen aireak sarrera izan zezan zulo bat utziz.

Eskuz edo oinez eragindako auspoek putz egiten zioten suan eta mearen zepak arragoa zeritzan zulo batera jausten ziren.

Erregai ugari eskatzen zuen prozedura zahar horrek.

Kintale bat burdina ateratzeko bederatzi zaku haritz-, pago- edo arte-ikatz behar ziren eta gaztain-ikatza erabiltzen baldin bazen zerbait gehiago.

Esan bezala, burdina ez zen urtzera iristen eta hau arazteko, masa gori belakitsua mailukatu egin behar izaten zuten.

Lantegi hauei haizeolak zeritzan.

Zeharrolak

XI. eta XII. mendeetan zehar Europan uraren indarra probetxatzen hasi ziren, burdinoletako gabiei eta hauspoei eragiteko.

Ez dakigu seguru teknika hau Euskal Herrira XIII. mendea baino lehen heldu zen.

Badirudi, ordea, aski segurua dela, noiznahi gertatu zela ere, hobekuntza hori Nafarroara etorri zitzaigula lehenengoz.

Leku denetan ez zen noski aldiberean erabiltzen hasiko eta toki batzutan, mendialdeko oiherretan batez ere, XVI. mendera arte iraungo zuten haizeolek, baina beste batzutan, Santiago-bidetik iragaten ziren erromesek ekarrita edo, XIII. mendean ezagutzen zen teknika hidraulikoa.

Ezarian ezarian burdinolak ibarretara jaitsiz joan ziren, uraren indarraren bila.

Handik aurrera, urik erabiltzen ez zuten olei agorrolak zeritzan eta urez eragindakoei berriz zeharrolak.

Agorrolak egondako lekuetan aurkitzen diren aztarnak eta zeharrolak egondakoetan azaldu direnak guztiz desberdinak dira.

Lehenengotako zepa-hondarrak beltzak, trinkoak eta apurtuna beiratsuzkoak dira, bigarrengotakoak, aldiz, arreak eta belakitsuak dira eta egurrikatz zatitxoak dituzte.

Bi zepa-motek bi prozedurari eta beraz bi prozesu fisiko-kimiko desberdini dagozkie.

Esan bezala, haizeola edo agorroletako teknika zaharra ez zen bapatean desagertu eta, are XVII. mendean prozedura zaharra erabiliz lortzen ziren burdin masak gero zeharroletara eramaten ziren, hango gabien bidez araztera.

XVI. mendearen erdialdera Gipuzkoan eta Bizkaian baziren gutxienez 300 zeharrola, horietako 118 Gipuzkoan zeudelarik Gipuzkoako burdinolak 120.000 kintale burdina ekoizten zuten penintsularako eta baita Europako beste lurralde batzutarako eta are Amerika eta Asiarako.

Garai honetako gipuzkoar olagizonen kopurua oso handia zen, probintzia honek zuen biztanleria urria gogoan izanda, 3.500 gizonek bait ziharduten lantegi horietan.

Burdinola gehienek ez zezaketen urte osoz lan egin udan erreken emaria asko gutxitzen zelako.

Burdinolen egitura. Laneko prozedura

Burdinola hauen egitura ondokoa izaten zen gutxi gora behera: eraikuntza nagusian mearen eta egurrikatzaren gordailua egoten zen, ibaitik ura hartzeko harlanduzko antepara eta isurbideak izaten ziren, uraren indarra probetxatzeko turtuki edo gurpil hidraulikoa eta honekin bat eginda ardatz nagusia, auspoak eta gabia higiarazteko.

Hiru langile- edo olagizon-mota aritzen ziren burdinoletan: igele edo forjariak, urtzaileak eta morroi gisakoak ziren gatzemaileak.

Igelea zen ongien ordaindua eta trebetasunik handiena eskatzen zuen lana egiten zuena.

Urtzailea, mea eta ikatzaz, hauspo, labe eta sutegien gobernuaz arduratzen zen.

Urtzaileek burdina goritu edo agoa lortu eta gabian ipintzen zuten eta txandaka lan egiten zuten, lau orduko txandatan, burdina goriaren ekoizpena gau eta egun mantentzeko.

Igandetan bakarrik gelditzen zen ola.

Igelea gabiaz arduratzen zen eta horretarako turtukira sartzen zen ura erregulatzen zuen.

Urtzaileak emandako forma jakinik gabeko agoak barra bihurtzen zituen.

Bi orduz lan egiten zuen eta, urtzaileak agoa prestatzeko behar zituen beste bi orduetan, atsedeteko aukera zuen.

Gatzemaileak mea xehetu, mandatuak egin, lapikua zaindu eta bigarren mailako beste lan batzu egiten zituen.

Euskal Herriko burdinolen ospea

Euskal Herrian lortzen zen altzairua oso estimatua zen, batez ere Arrasatekoa.

Alfonso X.ak 1.262ko abuztuaren 4ean, pragmatika baten bidez, arrasatearrei altzairua ekoizteko exklusiba antzeko bat eman zien eta ondorengo erregeek ere, urte askotan zehar, burupe hau sendotu egin zuten, hala nola Gaztelako Juan II.ak 1417an eta 1454ean, Errege Katolikoek 1490ean eta 1511an eta Karlos V. ak 1536an.

Espainiako erregeek, Frantziara zihoazela, Gipuzkoan zehar iragaten zirenean burdinola hauetako batzu bisitatu ohi zituzten.

Felipe III.ak Beasaingo Igartzara egin zuen bisita, adibidez, hilezkortuta gelditu da Truchuelo-k egin zuen marrazki bikain batean.

Toledoko ezpata famatuen sekretua ere hein handi batean Arrasateko altzairuan zetzan, bertako armagileek 1777ko txosten batean adierazten zutenez, Arrasateko altzairua Milangoa eta alemana baino hobea zela esanez.

Burdinola handiak eta tiraderak

Burdinola guztiak ez ziren tamaina berekoak; laster hasi ziren bereizten zeharrola handiak eta tiraderak zeritzan txikiagoak.

Zeharroletan 12-16 arroako agoak egiten zituzten eta tiraderetan berriz txikiagoak, 5 bat arroakoak Tiraderetako lanak kostu handiagoa bazuen ere ekoizpenaren kalitatea hobea zen eta horregatik denbora luzean bi eretako lantegiak iraun zuten aldiberean.

Zeharroletako ofiziale nagusiei arotzak zeritzen eta tiraderetakoei, aldiz, txikitzaileak.

Aitzinapen teknikoak: Haizearkak, gabi lasterrak, ainguragintza

Burdinolen garaian egin zen aitzinapen tekniko aipagarrienetako bat haizearken erabilera izan zen.

Hasiera bateko haizagailuak larruzko hauspoak ziren.

XVII. mendearen hasieran egurrezko hauspoak ere bazeuden eta beranduxeago hasi ziren hauspoen ordez haizearkak erabiltzen.

Hauetan sistema hidrauliko huts bat erabiltzen zen inolako sistema mekanikorik gabe (...).